MAG + Biarritzerentzat garrantzitsuak

Martxoaren 8an, emazteen eskubideen aldeko nazioarteko egunean, mundu osoan zehar elkarretaratzeak antolatzen dira eta emazteen egoeraren inguruan kontzientzia hartzeko parada da. Biarritzen, hainbat iniziatiba martxan ditugu emazteak beren garapen pertsonalean edo bizitzako etapetan zehar laguntzeko. Dosier honetan, pertsona inspiragarri eta interesgarriak ezagutuko ditugu. “Eredu” diren emazte hauek aitzinatzeko gogoa ematen digute, eta bidea erakusten digute.

Margaux Motin, marrazkilari dirdiratsua

Margaux Motin ilustratzailea, marrazkilaria eta komikilaria da. Duela 15 urte Euskal Herrira bizitzera etorri zen maitasunari esker eta erraten duenez, geroztik, lehengo bizia osoki ahantzi du!

Lehen begiradatik maite dugu, La Tectonique des plaques komikiko bere pertsonaia bezala: telelanean den working girl bat, bereizi berria, bere Poupette hartu eta etxez aldatzen dena. Neska gazte baten eguneroko kronikak dira. Euskal Herriko mutil eder bat ere ezagutuko du, Pacco… Margaux 2008an joan zen Normandiatik Parisera, blog batean idazten hasteko. Zaleak emendatu zitzaizkion, komunitatea biziki fite handitu zitzaion. Ongi merezia, agentzietako ateak ausardiaz irekitzen zituen sortzaile honentzat. Segur zen lortuko zuela, nahiz eta ondoan beste lan batzuk egin behar izan bizitzeko. Arrakastara eraman zuen hurrengo urratsa Pacco komikigilea ezagutzea izan zen. Amodioa eta emendioa elkarrekin. Bi talentuek, elkarturik, argitaletxe handi batera jo zuten eta geroztik, geldiezinak dira. Arrakasta hori ez zuten aitzin ikusia, Margaux-ek dioenez, baina urte guzi horien ondotik, arrakastaren bideak plazerez hartzen ditu. Bi artistak bereizezinak bilakatu dira eta 3-5 urte arteko argitalpenak egiten dituzte. Ondoan, Margaux-ek markentzat sortzen du. Bere sorkuntza iragarleei laguntzeko baliatzen du, pertsonaiak asmatzen ditu, bizi duen garaitik inspiratzen da eta egunero kirola egiten du. Hurrengo argitalpena 2026rako espero da, ingurumena eta garapen pertsonala lotzen dituen abentura bat. Emazte hipersentikor batek deskubrituko du ahultasun hori abantaila bat dela ingurumenarekin kontaktuan sartzean.

Angélique Bagot, biziaren maitalea

Bizia sukaldean pasatzen du! Egiazko pasio bat da izen handiekin ikasi duen emazte honentzat: Philippe Etchebest Saint-Émilion herrian, Frédéric Anton Pré Catelan jatetxean, Hélène Darroze Parisen eta beste irakasle anitz izan ditu. Ibilbide aberats horrek eraman du gaur egun Biarritzeko Regina jatetxeko sukaldeburua izatera.

Dena haurtzaroan hasi zen: etxaldean, amatxirekin prestatzen zuen sagar tartaren usainetik eta plazerez irakurtzen zituen errezeta liburuetatik. “Pastizagilea izanen naiz” pentsatzen zuen, baina Michelin izardun jatetxe batean ikastaroa egitean, Christophe Le Fur-en gidaritzapean, sukaldeak eskaintzen duen askatasuna ezagutu zuen. Angélique pasatzen den toki bakoitzean, izarrek dirdiratzen dute eta bikaintasuna hunkitzen da.

Lanbide hori maite du, ez baitu mugarik. Ikasi, entseatu, dastatu, partekatu… Menua lankideekin eta Gregory Marchand Frenchie jatetxeetako sukaldeburuarekin prestatzen du, azken horrek sinatzen baitu Reginako menua. Hornitzaileekin trukatzea ere gustuko du. Haiei esker, menuak tokiko zaporeak hartzen ditu: Bankako amuarraina, Kintoa zerrikia, Ezpeletako biperrarekin egin gurina, Aturriko etxalde bateko gibel gizena… Pasio handiz eta neurriz gozatzen du sukaldaritza. Itxura fina du eta errubi koloreko ile gorria. Pauso arina, umore ona eta dinamikotasun handia ageri dira bere begietan. Emazte gazte honek sukaldean dirdiratzen du, lan-talde kontzentratu baten erdian, kofoin batean bailiran.

Berri ona, azkenik! Anitz bidaiatzen duen pertsona da, batez ere Italiara, bertako pastak dastatzera eta bertako hizkuntza mintzatzera… Baina lehen aldiz, altzariak erosi berri ditu. Erran nahi du agian Biarritzen gelditzeko asmoa duela?

Stéphanie Alvarez, salmentaren erregina

140 langileko enpresa baten burua da Stéphanie Alvarez, eta jantzi salmentaren eta moda marken arloko profesional handia da. Biarritzeko Galeries Lafayette saltegiko burua da. Saltegi bat baino gehiago, Lafayette bizileku bat da, familia handi bat, modaren tenplu bat.

Paristarra da eta 50 bat urte ditu. Marka handietara ohitua da, BHV Marais eta Printemps Hausmann zentroetan lan egin baitu 25 urtez. Orain, esperientzia profesional eta geografiko berri bat abiatua du, eta ez da damutzen!

Erronka profesionalaz gain, hiri argitsu honetan bizitzea gustuko du, hemengo bizimodua ezberdina baita. Hemengo paisaien eta ezagutza humanoen poesiak Paris ahantzarazi dio. Hemen, moda zale honek bere etxea atzeman du.

 

Claire Lonchampt, dantzari argitsua

Pariseko opera, Pariseko kontserbatorioa eta Europako opera etxerik handienak… Claire Lonchamptek denetan lortu du arrakasta. Lehen begiradatik grazia eta edertasuna transmititzen dizkigu.

Greziar zizel baten silueta du, mugimenduen dotorezia eta heziketa bikaina. Errexki irudika dezakegu Beltxargen aintziran. Zürich, Helsinki edo Amsterdamen ondotik, artista paregabe honek Biarritzen bizitzea erabaki du, Thierry Malandain koreografo handiarekin lan eginez. Biarritzeko Zentro Koreografiko Nazionaleko zuzendariak 22 dantzariak arrakastara eramaten ditu. Clairek hautu artistiko bat egin zuen eta familia batekin topo egin zuen Biarritzen. Bihotzarekin hautatu zuen. Ballet taldean, dantzari guziek dute formakuntza klasiko bat eta aurkezten den doinu bakoitzak idazkera koreografiko berezi bat hartzen du. Esperientzia berriak bizitzeko, rol azkarrak antzezteko, jarduera artistiko berriak egiteko parada ematen du.

Dantzari bizitzaren barne dira goi-mailako kirol jarduerak, errepikak eta trebatzeak, edota autobus eta hegazkin orenak munduko oholtza guzietara heltzeko. Intentsitate handiko bizitza da, egun batez geldituko dena, gorputzak abisatuko duelarik. Orduan, dena posible izanen da berriz. Zientzia politikoak ikasten ditu. Pertsona kontzientea eta sentikorra da, arrakasta lortzeko gaitasun handiak dituena. Bere lanen bidez, bere barnea agerrarazten digu, besteei eta munduari.

Nathalie Laouti Savariaud, bihotz handiko enpresaria

Lot-et-Garonne eskualdekoa da, enpresari alaba eta borrokalari handia. Bere bizitzan bizi anitz badirela dirudi. Denbora anitz hartzen dion lanbidea du, ama da eta engaiatua da besteak laguntzeko. Life is Rose elkarteko lehendakaria da. Eta bere ibilbideak gorabeherak ere izan ditu.

Gaztetan, zuzenbide ikasketak egin zituen, beste lan batzuk egiten zituen bitartean.  Gero, notario baten bulegoan hasi zuen esperientzia profesionala. Orduan, Notariotzaren Kontseilu Gorenean eta Bordeleko Notarioen Kontseiluan parte hartzeko hautatua izan zen. Kideekin batera, notario-kalitatearen ziurtagiri bat sortzen aritu zen eta baita kontulari-titulu berri bat ere. Arrakasta anitzeko urteak izan ziren eta Sécurité Nouvelle bulegoaren zuzendaritza hartu zuen: notario artekaritza egiten duen bulego handia da, 350 pertsonarekin eta 60 milioi euroko aktiboekin!

Paris utzi eta erronka berri bat abiatu zuen ondotik, notario-bulego bateko segida hartuz. 35 urterekin, bizitza aldatu zitzaion. Minbizia. Bat, eta beste bat. Bulegoko kideek diru-sarrerak moztu zizkioten. Etxebizitza galdu zuen eta pertsona erien prekarietatea ezagutu zuen. Bide luze eta minberatsua. Osasun langileek, lagunek eta borrokarako grinak salbatu zuten eta Life is Rose sortu zuen, elkarte bat, eritasunak hunkitzen dituen familiak laguntzeko. Lan egiteko gaitasuna galtzen dugularik, etxebizitza bat ukateko eta janaria erosteko ahalmenak ere galtzen ahal dira. Nathaliek hori bizi izan du eta badaki zertaz ari den. Tokiko elkarte honek estatu mailako dimentsioa hartu du. Gaur egun, Nathalie sendatua da eta 5000 familia lagundu ditu. Bere semea ikustera Kanadara joan zelarik, Bami bankuko nagusiaren ondoan gertatu zen. Bere istorioa kontatu zion eta honek lana proposatu zion. Zuzendari juridikoa bilakatu zen. Bizitzaren alde ederrera itzuli zen, baina horrek ez zion zailtasunetan direnak laguntzeko gogorik kendu.

Delphine Etchepare, kulturaren militantea

Delphine Etchepare, Ipar Euskal Herriko Goi mailako Arte Eskolako zuzendaria da (gisa horretako 44 eskola dira frantziar estatuan). Bere bizitzako motoreak transmisioa, sentikortasunarekiko irekidura eta izpiritu kritikoa dira, gazteentzat, testuinguru orokor konplexu honetan. Pasio azkar horiek bere ibilbide osoa kultur proiektuz proiektu pasatzera eraman dute.

Ama Euskal Herrikoa duen Delphine Etcheparek zinema ikasketak egitea erabaki zuen. Paris 8 unibertsitatera joan zen goi-mailako zinema ikasketak egitera. Praktika pertsonalak egin zituen Super-8an, bizitza profesionalean murgildu aitzin. Ondotik, Euskal Herrira itzuli zen, “eskola eta zinema” sare bat garatzeko asmoz. Elkarte bat sortu zuen ikastetxeetara joateko eta momentu horretan, Baionako arte eskolatik kontaktatu zuten. Bertan hasi zen lanean eta istorio handi baten hastapena izan zen. Irakasle gisa aritu zen hainbat urtez, baina bere ametsa, goi-mailako ikasketak egiteko zentro bat irekitzea zen. Rocailles eskola ireki zen 2008an Biarritzen. 2017an bat egin zuen Baionako arte eskolarekin eta Ipar Euskal Herriko Goi mailako Arte Eskola sortu zen. Laster, master bat sortuko da Euskal Herrian ikasi nahi duten gazteentzat. Kultur arloko profesional honentzat, gazteen dinamikotasunaren osagaiak mugaz gaindiko lurralde eremua, zuzentasun soziala eta obrak tokian bertan irudikatzeko parada dira.

Urtero, 4 artista gomitatzen dituzte ikasleekin lan egiteko.
Ikasleen etorkizuna segurtatzeko lanean ari ez delarik, Delphine hartz bat da. Ez dugu hori bere izaeragatik erraten, Hartz zurietan parte hartzen duelako baizik. Hartz zuriak urte osoan itsasoan bainatzen diren igerilarien taldea da. “Ez naiz sekula hotz”, erraten du naturaren eta paisaien maitale honek. Pasio hori, anitzetan, alde batera uzten du bidaia luzeak egiteko, munduko jarduera artistikoen bila.

Zoé Grospiron, lerra kiroletako abenturazalea

Surfeuse professionnelle, Zoé Grospiron est championne du monde ISA de longboard en équipe et 4e mondiale en 2023 !

Zoé Grospiron surflari profesionala da, ISA txapelketako munduko txapelduna da taldekako longboardean, eta mundu mailako laugarrena izan zen 2023an!

Ez da harritzekoa, borondate handiko pertsona baita. Zoék bere 24 urteen freskotasunaz gain, goi-mailako atleta baten potentzia, erronkazale baten lasaitasuna eta masterrean den ikasle baten burmuina ditu. Ezagutu bezain fite ikusten dira bere bizipoza, aitzinatzeko gogoa eta anbizio azkarra. Ez da dudarik, munduko txapeldun izanen da!

Zoé eskiatzaile profesionalen alaba da, eta, berez, bere etorkizuna Alpeetan aitzin ikusia zen. Baina, 12 urte zituelarik, biziak Euskal Herrira ekarri zuen. Elurrez jantziriko mendi kaskoak falta bazituen ere, itsasoaren deia entzun zuen. Familia osoa taula gainean ezarri zelarik, Zoé ere entseatu zen. Biziki fite, neska gaztea taularen gainean dantzan hasi zen, 3 urrats aitzina, zango puntak taularen puntan ezarri, eta 5 gibelera, oreka berriz hartuz eta estilo handiz uhinaren gainean lerratuz. Zoék abiadura eta sentsazio azkarrak maite ditu. Biziki lehiakorra izanik, Frantziako txapelketetan parte hartzen hasi zen. Hastapenetan, jadanik hirugarrena zen. 2018an Europako itzulia egin zuen eta ondoko urtean, mundukoa. Estatu-Batuak, Australia, Salvador… Bide profesionala abiatu zuen. 2023an mundu mailako top 5ean zen. Gaur egun, goi-mailako atleta gisa egiten duen lana Lyonen egiten dituen ikasketekin uztartzen du. Mugimendu handia duen bizia, prestatzaile mentalekin, familiarekin, lagunekin, mutil lagunarekin eta babesleekin partekatzen du, eta habia txiki bat du Biarritzen. Eragin handiko atleta honentzat, bizitzarako lema hau da: bizia aukeraz betea da, baliatu behar dira!

Laurinda Hudgens, aurpegi anitzeko artista

Argazkilaria, enpresaria, modeloa, influencerra, eta estilista… Laurinda gauza guzi horiek da aldi berean! Bizitzaren bide ezberdin horiek talentu handiz esploratzen ditu, berezitasunekiko eta sinpletasunarekiko zaletasun handiarekin. Jantzi marka sofistikatu bat sortzen ari den bitartean, hondartzan ogitarteko bat jaten du maratoi erdi batean laster egin ondotik!

Maitasuna, ingurumena, sorkuntza eta Le Connecteur izan dira beretzat, La Rochelle sorlekua uzteko eta Biarritzera etortzeko arrazoiak. Naturari loturiko bizi bat eraiki du bertan, jarduera profesional anitzen artean. Baina, batez ere, maite dituenak zaintzeko eta denbora hartzeko, itsasoa arnasteko edota Larhunera igotzeko duen borondatea gailentzen da.

Laurindarentzat ezinezkoa da asteko plangintza arrunt baten definitzea, modako marken castingen, filmaketen eta argazki saioen artean ibiltzen baita. Badaki, hala ere, kameraren beste aldean ematen eta argazkilarien tokia hartzen ere. Fokoetatik urrun, Laurindak jantzi marka bat sortu du: Madame Badass. Moda kontzeptu berritzaile bat, gizonei bideraturiko jantzietatik emazteen jantziak sortzen baititu. Emaitza dotorea eta bakarra da. Modarekiko duen pasioaz gain, Laurinda zuzendari artistiko gisa ere aritzen da hainbat filmaketetan. Ezerk, ez inork, ez dio amestea eragozten. Motore azkar bat du, dena aldi berean aitzinarazteko gai izatearen plazera!

Cette page a-t-elle répondu à vos attentes ?

Dernière mise à jour le 06 mars 2024